XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AEK-k eta IKAk Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza politika kritikatu dute

Eskaera betetzen ez duten bitartean, salaketa eta informazio kanpaina hasiko dute

Nafarroako Gobernuak helduen euskalduntze eta alfabetatzean duen dirulaguntza politika kritikatu zuten atzo AEK-k eta IKAk.

Hartutako konpromezuak betetzeko eta beren premiak benetan zein diren aztertzeko Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuko alderdiei planifikazio bateratua egiteko deia egin diete.

Irene Arrizurieta / Iruñea

AEK eta IKA-k jasan duten egoera estrukturala eta ekonomikoa larria bazen ere, bi erekundeok diotenez gauza okerrera joan da Administrazioaren eraginez.

Iraganean eta egun jaso duten dirulaguntza moduloa ikasle eta orduko 76 pezetakoa da.

Hau da, 1991. urtean ezarritako kopuru bera eta inolako igoerarik gabe.

Nafarroako Gobernuak bere menpe dituen euskaltegietan batez besteko kostua ikasle eta orduko 550 pezetatakoa dela aintzat hartuz, bi elkarteak dituzten baldintza ekonomikoak ez dira batere mesedegarriak.

Ildo honetan, Koldo Azkona AEKko kideak zioenez, 76 pezetei ez zaie Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) ere aplikatu eta horrek galera ikaragarria ekarri digu.

Hala ere, orain arteko egoera larria bazen honi beste datu bat erantsi behar zaio, bi elkarteok azken hiruhilabetean Administraziotik beste murrizketarik izan dutelako.

Legeak dioen moduan, jasotzen duten diru partida itxia den neurrian Administrazioak dirulaguntza berriak ezin direla sartu dio.

Hau horrela izanik eta subentzioa ikasleko eta orduko jasotzen denez, hauetariko faktore batean igoera ematen bada, automatikoki kenketa datorkigu eta berez eskasak diren 76 pezetatik 35 bakarrik jasoko ditugu zioten AEK eta IKAko euskaltegietako ikasle kopurua gehitu egiten delako.

Era berean, ordu kopuruak ere goiti egin dutela aintzat hartuz, legez ezartzen zaienaren erdia soilik jasoko dute.

Nahiz eta IUk sartutako emendakin baten bidez aurtengo diru partida igotzea lortu den, AEK eta IKAren ustez murrizketok borondate politiko ezaren erakusle dira.

Hau guztia aintzat hartuz, hiru eskaera luzatu dizkie Administrazioari.

Batetik, Gobernuak berak onartutako 76 pezetako laguntza sinbolikoa jasotzea joan den hiruhilabeteari dagokionean.

Bigarrenik, Gobernuari eta Parlamentuko alderdiei alfabetatze eta euskalduntze inguruko eztabaida egitea ondoren guztiok batera planifikazioa egiteko.

Beren eskaerak ez badira aintzat hartzen hasi duten informazio kanpaina egin ondoren ekintzetara pasako dira AEK eta IKA, zer eginen duten iragarri ez zuten arren.